Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen denboraldiari amestutako amaiera eman eta larunbat honetan galdu egin zuen Errege Kopako finalean Barça nagusi baten aurka (17-37). Talde irundarra ilusioz iritsi zen finalera, azken unera arte lehiatzeko asmoz, baina hasieratik bertatik aurkariaren bertsiorik indartsuenarekin egin zuen topo.
📰 𝐂𝐑𝐎́𝐍𝐈𝐂𝐀 | 𝐈𝐑𝐔𝐃𝐄𝐊 𝐁𝐈𝐃𝐀𝐒𝐎𝐀 𝐈𝐑𝐔𝐍 – 𝐁𝐀𝐑𝐂̧𝐀 (𝟏𝟕-𝟑𝟕)
Caemos en la final de la Copa
📝 Crónica completa: https://t.co/cIRRrRJL9q
📸 RFEBM / J. L. Recio#AupaBidasoa💛 #BatzenGaituenKorrontea #CopaRey2026 pic.twitter.com/gpsHwviNWa
— CD Bidasoa Irun (@CDBidasoaIrun) June 7, 2026
Hasieratik aldapan gora
Barçak erritmo bizian ekin zion partidari eta lehen minutuetan hautsi zuen finala. Carlos Ortegaren taldeak 2-12ko partziala lortu zuen 15. minuturako, defentsa sendo batean eta Emil Nielsenen geldiketetan oinarrituta. Bidasoak aukerak sortu zituen arren, eraginkortasun falta eta baloi galerak garesti ordaindu zituen lehen zatian.
Memek gidatu zuen eraso katalana zortzi golekin, eta Fradek beste zazpi gehitu zituen. Bien bitartean, talde horiak ezin izan zuen jarraikortasunik aurkitu erasoan, eta atsedenaldira 8-20ko emaitzarekin heldu zen norgehiagoka.
Europako txartelarekin agur
Bigarren zatian ere ez zen partidaren norabidea aldatu. Barçak intentsitate bera mantendu zuen eta aldeak handitzen jarraitu zuen, azken txanpan hogei goleko langa gainditzeraino. Hala ere, Bidasoak ez zuen amore eman eta Mujikaren, Gorka Nietoren eta Mielczarskiren golekin amaitu zuen finala. Mujika izan zen irundarren goleatzaile nagusia lau golekin.
Emaitza mingarria izan arren, Bidasoak denboraldi bikaina itxi du, beste behin Europako txapelketa baterako sailkapena lortuta eta final handi batera iritsita. Kopako txapeldunorde izateak, gainera, azken urteetan taldeak izan duen hazkundea berresten du, estatuko eskubaloiaren talde nagusien artean sendotuta jarraitzen baitu.

