«Gipuzkoa Mugituz» urriaren 26tik abenduaren 15era egingo da, eta gutxienez 3.000 lagun mobilizatzea du helburu. Adinberrik eta Wellkek bultzatutako ekimenak 55 urtetik gorakoen jarduera fisikoa sustatu nahi du, udalerrien arteko liga birtual baten bidez. Helburua ez da norbanakoen arteko lehia, eguneroko mugimendua sustatzea eta ohitura osasungarriak indartzea baizik. Erronka Europako NextGenerationEU funtsen laguntzarekin finantzatu da.
Eguneroko jarduera, ohitura osasungarri
Ekimenak arreta berezia jarriko du 55 urtetik gorakoengan, jarduera fisikoak indarra eta mugikortasuna mantentzen, hauskortasuna prebenitzen eta norberaren autonomia zaintzen laguntzen baitu. Parte hartzeko ez da kirolari izan behar: erosketak egitera oinez joatea edo egunerokoan paseotxo bat egitea ere kontuan hartuko da. Antzeko beste esperientzietan izena eman zutenen %36k ez zuen kirolik egiten ohikotasunez.
Herriak lehian, baldintza orekatuetan
Wellk aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak ordezkatu nahi duen udalerria aukeratuko du; ez da beharrezkoa bertan erroldatuta egotea. Jardueraren arabera eta udalerriaren biztanle kopuruaren arabera egokituko dira puntuak, herri txikiek ere lehian aritzeko aukera izan dezaten. Jarduera GPS bidez erregistratu edo aplikazioarekin bateragarriak diren gailu eta zerbitzuak sinkronizatu ahal izango dira.
Mugimendu ohiturak hobeto ezagutzeko
Erronkak jarduera fisikoaren inguruko datuak ere bilduko ditu, hala nola parte-hartzaileen ohiturak, ordutegiak eta gehien praktikatutako kirolak. Informazio horrek udalerrien arteko parte-hartzea eta lurraldeko mugimendu-joerak ezagutzen lagunduko du, baita etorkizuneko osasun-prebentziorako ekimenak bideratzen ere. Mapa anonimizatuak egingo dira, parte-hartzaileen identitatea babestuta. «Gipuzkoa Mugituz» Adinberrik abiatutako esku-hartze goiztiarreko programetako bat da, zahartze osasungarria sustatzeko.
