Realak berriz egin du balentria. Joan den denboraldian bezala, Zubietan FC Bartzelona garaitu du, Liga F-ko talderik indartsuenetako bat, eta garaipen historikoa eskuratu du: 2-1. Kataluniarrek denboraldi honetako lehen porrota izan dute, eta txuri-urdinek erakutsi dute onenen aurka ere lehiatzeko gai direla.
Lehen zatian, ausardia eta eraginkortasuna
Partida hasi eta berehala aurreratu da Barça. Patri Guijarrok area kanpotik egindako jaurtiketa batekin baliatu du aldaratzea. Realak, ordea, ez du kolpea nabaritu: 13. minutuan, Nerearen pase luze bikaina jaso eta ezkerrez sareetara bidali du baloia Ceciliak.
Donostiarrek ez dute atzera egin, eta arriskua sortzen jarraitu dute. Ainhoa Marínek lehen aukera argia izan du buruz buruko batean; atsedenaldia heldu aurretik, baina, bigarrenean asmatu du. Nereak jokaldi ikusgarria egin du, Cata Coll gainditu, eta Ainhoak atea hutsik aurkitu du 45. minutuan. Lehen zatiko lan bikainaren saria izan da gola.
Alazneren eskua eta FVSren erabakia
Bigarren zatian, espero bezala, Bartzelonak baloiaren eta jokoaren ekimena hartu du. Realak, hala ere, kontraerasoan min egiteko aukerak izan ditu; Ceciliaren ezkerkadak Cata Collen erantzuna behartu du. Beste aldean, Patri Guijarrok korner baten ondoren berdinketa gertu izan du, baina Alaznek geldiketa ikusgarria egin du. Amaierako txanpan, epaileak penaltia adierazi du Estherrek Brugtsen aurka egindako jokaldi batean. FVS sistema kontsultatu ostean, ordea, erabakia zuzendu du: Realeko atzelariak baloia garbi kendu dio aurkariari. Azken estualdia Pajorrek jarri du, Alazneren irteera aprobetxatuta, baina haren jaurtiketa kanpora joan da.
🗣️ Nerea Eizagirreren adierazpenak FC Barcelona taldearen aurkako garaipenaren ondoren https://t.co/U0HSJp2oEP
— Real Sociedad Femenino (@RealSociedadFEM) October 18, 2026
Realak gorantz jarraitzen du
Realak bost puntu zituen partidaren aurretik, sei jardunaldi jokatu ostean; Bartzelona, berriz, lehen postuan iritsi da Zubietara, liga hasierako sei neurketak irabazita. Garaipen honekin, txuri-urdinek zortzi puntura igo dute beren kontua eta sailkapeneko beheko postuetatik urruntzeko bultzada hartu dute. Bartzelonak, aldiz, lider jarraitzen du 18 punturekin, baina gaur amaitu zaio ligako bolada perfektua.
Azken asteetan, Realak izaera erakutsi du lehiaketa ezberdinetan. Heartsen aurka 0-0 berdindu zuen joanekoan, eta 4-0 irabazi zuen itzulikoa, Europa Cupen hurrengo kanporaketara sailkatzeko. Ligako azken neurketan, Valencia menderatu zuen kanpoan, 0-1. Bartzelonak, berriz, bolada ikusgarrian heldu da Zubietara: Real Madridi 7-0 irabazi zion aurreko jardunaldian, eta ligako lehen sei partidak irabazi zituen, tartean 6-0ko garaipena Alavésen aurka eta 2-0ekoa Logroño Uniteden zelaian.
🗣️ Declaraciones de Gorka Álvarez tras la victoria de hoy https://t.co/4AF1tI5fOL
— Real Sociedad Femenino (@RealSociedadFEM) October 18, 2026
Realak RCD Espanyoli egingo dio harrera urriaren 24an, Zubietan, eguerdiko 12:00etan. Bartzelonak, egun berean, Granadaren aurka jokatuko du etxean, 18:30ean. Orain, ospatzeko eta hurrengo erronkari begira jartzeko garaia da.
