SD Eibarrek eta Amenabarrek beste denboraldi baterako berritu dute elkarren arteko lankidetza hitzarmena. Horrela, sustatzaile eta eraikuntza enpresak klub armaginaren premium babesle izaten jarraituko du 26/27 denboraldian, bi erakundeen arteko azken urteetako harremanari jarraipena emanez.
Akordioaren bidez, Amenabarrek Eibar B taldeetako gizonezkoen eta emakumezkoen jokalarien partidako ekipazioetan izango duen presentziari eutsiko dio. Enpresak, horrela, klubaren harrobiko lana eta talentu gaztearen prestakuntza eta garapenean oinarritutako eredua babesten jarraituko du, SD Eibarren kirol proiektuaren oinarrietako bat dena.
Presentzia Ipuruan eta Areition
Amenabarrek, gainera, filialen entrenamendu kamisetetan eta Ipurua Estadioaren zein Areitioko Kirol Hiriaren publizitate euskarri nagusietan izango du presentzia. Eraikuntza enpresak berak parte hartu du Areitioko instalazioen garapenean, eta azpiegitura hori estrategikoa da SD Eibarren orainarentzat eta etorkizunarentzat. Gainera, 2030eko FIFA Munduko Koparako entrenamendu egoitzetako bat izango da.
Konfiantzan eta balio partekatuetan oinarritutako harremana
Hitzarmenaren berritzeak SD Eibarren eta Amenabarren arteko elkarrekiko konfiantza berretsi du. Bi erakundeek konpromisoa, sustraiak eta etorkizunera begirako proiektuen aldeko apustua partekatzen dituzte. Klub armagina, azken hamarkadetan Gipuzkoako futbolaren erreferenteetako bat izan dena eta hainbat urtez futbol profesionalean lehiatu dena, babesle garrantzitsu baten laguntzarekin jarraituko du bere kirol proiektua garatzen.
44 urtetik gorako ibilbidea eta 40.000 etxebizitza baino gehiago sustatu dituen Amenabar Estatu mailako sustapen eta eraikuntza sektoreko familia-enpresa nagusietako bat da. Bere proiektu aipagarrienen artean daude Kursaal Kongresu Jauregia, Basque Culinary Centerra eta San Telmo Museoa.
